Hasiera / Zientzia eta gizartea

Zientzia eta gizartea

«Uste dugu zientzia estetikoki ederra, kulturalki garrantzitsua eta ekonomikoki erabakigarria dela. Espero dut nire indarren neurrian lagundu ahal izatea gizarteari mezu hau helarazten. Egiazkoa iruditzen zaidan zerbait dago: ez baldin gara adimendunagoak, txiroagoak izango gara». (Sarrerako hitzaldia Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademian, 2017ko maiatzaren 31n).

Binomio hori —zientzia eta gizartea— ezinbestekoa da Pedro Miguel Echeniquerentzat, eta komunikazioarekin lotzen du. Horrekin bat etorriz, gizartearekiko duen konpromisoa agerian gelditzen da eman dituen konferentzia akademiko eta dibulgaziozko hitzaldi ugarietan. Jarduera horietan murgilduta dago oraindik, baita komunikabideei ematen dizkien elkarrizketetan ere, eta beti helarazten du zientziari buruz duen ikuskera, giza abentura intelektualtzat hartzen baitu.

Zientziaren dibulgazioan DIPCk garatu duen politika agerian gelditzen da, zentroaren izena esatearekin batera burura etortzen baitzaigu Passion for Knowledge, DIPCk 2010etik, hiru urtez behin, antolatzen duen kongresua. Edizio bakoitzean prestigiozko zientzialariak gonbidatzen ditu, horietako batzuk Nobel sarien irabazleak. Saio irekietan publiko ugaria, leiala eta saiatua elkartzen da. EAEn, zalantzarik gabe, jende gehien erakartzen duen zientzia-ekitaldia da. 2018an Echenique European Physical Society erakundeko ohorezko kide izendatu zuten, bi arrazoirengatik: ikertzaile moduan izandako lorpenak eta… Passion for Knowledge azoka sortzea eta garatzea.

DIPCen jarduerak eragina du inguruan. 2011n, TECNALIArekin batera eta Euskal Herriko Unibertsitatearen zuzendaritzapean, hainbat erakunderekin batera sortu zuen Euskampus Fundazioa; Nazioarteko Bikaintasun Unibertsitatea da, eta Bordeleko Unibertsitatearekin aritzen da elkarlanean.

Lehenago, 2006an, Pedro Miguel Echeniquek Pentsamendu Klasikoak bildumaren edizioa sustatu zuen; pentsamendu filosofiko eta zientifikoko ehun funtsezko lan biltzen ditu bilduma horrek, euskarara itzuliak. Gizarte baten lana izan zen, eta parte hartu zuten bertan BBVA Fundazioak, aurrezki-kutxek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustukoak.

Echeniquek jasotako sari ugariek, bere jarduera zientifikoaren bikaintasuna ez ezik, gizarteari egindako ekarpena ere erakusten dute, herrialdearekin duen konpromisoan oinarrituak.