«Naturaren sekretua» dokumentala proiektatuko da Ondarroan eta solasaldia izango da ondoren Pedro Miguel Etxenike fisikariarekin
EHUren Kultura Zientifikoaren Katedrak sortu du dokumentala eta katedradunaren bizitza eta obra errepasatzeaz gain, zientziaren gainean egiten dituen gogoetak jasotzen ditu. Iker Badiola Etxaburu EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendariak aurkeztuko du proiekzioa eta, ondoren, solasaldi bat izango da Pedro Miguel Etxenikeren eta Ana Urkiza Ibaibarriaga Eusko Ikaskuntzako presidentearen artean.
«Naturaren sekretua» dokumentala EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak ekoitzi eta Jose Antonio Perez Ledok zuzendu du, eta Ondarroako Zientziaren Giltzak elkartearen 10. urteurreneko ospakizunen baitan proiektatuko dute. Pedro Miguel Etxenike Landiribar EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedratikoaren, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendariaren eta Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) ohorezko presidentearen bizitza eta obra azaltzen duen lana da. Dokumental horrek zientziaren garrantziaz hitz egiteko balio du. Honela laburbiltzen du Etxenikek berak zientzia: «etorkizun bidezkoago eta gizatiarrago baterako itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea. Zientzia garrantzitsua da kulturalki, erabakigarria ekonomikoki eta ederra estetikoki». Hala, 55 minutuko dokumentalak Etxenikek zientziaren inguruan egiten dituen gogoetak jasotzen ditu eta zientzia zer den eta zertan datzan azaltzen du, tonu hurbil eta intimoan. Jose Antonio Perez Lodo dokumentalaren zuzendariak honela definitzen du tonu hori: «lilura, harridura eta umorea ideiak transmititzeko modu bikainak direla badakien zientzialariarena. Emozioak direla arrazoi gorenaren edukiontzirik onena. Horregatik, hamarkadetan zehar landutako bere teoria batzuk garatzen ditu Etxenikek elkarrizketan, beti modu liluragarri eta pertsonalean».
Dokumentala ondorengo solasaldirako abiapuntua izango da. Anboto Ana Urkiza idazleak eta Eusko Ikaskuntzako zuzendariaren eta Pedro Miguel Etxenikeren artean izango da solasaldi hori eta parte-hartzaileek Etxenikerekin hitz egiteko eta planteatutako gogoetei ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Sarrera doakoa da edukiera bete arte.