Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptuaren gaineko gogoetak proposatzen ditu
Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioak denboraren kontzeptua disekzionatzea proposatzen du, urtarrila eta martxoa bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (Bizkaia Arteo-EHUko Mitxelena Aretoa), Iruñean (Golem zinemak) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect zienma) proiektatuko diren hamabi filmen bitartez.
Gizarte-zientziak programan sartuko dira lehen aldiz eta Vincerek (Marco Bellocchio, 2009) faxismoaren gorakadaren fenomenoa ilustratuko du.
The Bride of Frankenstein-Frankesteinen andregaia (James Whale, 1935) izango da aurtengo karteleko protagonista. Film horrek eta Frankenstein -Frankenstein doktorea– (1931) filmak saio bikoitza osatuko dute.
Hogei bat zientzialarik publikoarekin batera eztabaidatuko dute urtarriletik martxora egingo diren paseetan, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean zein Donibane Lohizunen.
Gainera, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten proposamen horretan, publikoak aukera izango du nazioarteko hogei bat zientzialari ezagunekin eztabaidatzeko zulo beltzen, denboran zeharreko bidaien, multibertsoaren edo bizitza modu artifizialean sortzearen gainean, besteak beste.
Gaur Donostian egindako prentsaurrekoan izan dira Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendaria; Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia; Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateak eta Ikerketako sailburuordea; eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea. Halaber, ekitaldian izan dira Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea; Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria; Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria; Beatriz Herraez Artium Museoko zuzendaria; eta Xabi Garat Donibane Lohizuneko Le Sélect zinemaren arduraduna.
Lehen ediziotik, zikloaren helburua da kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzea eta Joxean Fernandezek honela definitu du: “artearen eta ezagutzaren ospakizuna da. Filmei kalitatea eskatzen diegu beti bezala, baina kasu honetan ikuspegi zientifiko estimulatzailea ere onartu behar dute. Eta hori edizio honetako zinemagileen eta zientzialarien talde bikainari esker lortuko dugu”.
Bestalde, Diez Muiñok gogorarazi du «ziklo honek arrakasta duela publikoaren artean, 2024an 5.600 ikusle baino gehiago» izan baitziren, eta hau nabarmendu du: «zinemaren eta zientziaren arteko uztarketari esker, alde batetik, kulturaren zati integrala eta berezko giza jarduera bihurtzen da zientzia, eta, bestetik, ikuspegi desberdin eta originala ematen die sorkuntza zinematografikoei, esanahia aberastuz”.
FILMAK
Zikloa bihar, urtarrilaren 9an, hasiko da Artium museoan The Theory of Everything filmarekin (James Marsh, 2014). Zulo beltzetan aditua zen Stephen W. Hawking fisikariaren, astrofisikariaren, kosmologoaren eta dibulgatzailearen bizitzari buruzko filma da eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak eta Asturiasko Printzea Sariak aurkeztuko du Donostian (10) eta Bilbon (11). Gasteizen (9) eta Iruñean, (14) Arantzazu Garcia Lekue DIPCko Ikerbasqueko ikertzaileak eta Programa Estrategikoen zuzendariak aurkeztuko du.
Aurtengo klasikoak hauek izango dira: The Time Machine -Denboraren makina– (George Pal, 1960), H.G. Wellsen nobelan oinarrituta. Denboran zeharreko bidaiaren kontzeptua ekarri zuen film horrek. Beste filmak Frankenstein -Frankenstein doktorea eta The bride of Frankenstein – Frankensteinen andregaia– (James Whale, 1931, 1935) izango dira. Film horiek gorputz bizigabeei bizia eman nahi dien zientzialari baten erronka erakusten dute. Eta azkena The Thing -Gauza- (John Carpenter, 1982) beldurrezko zinemako klasikoa izango da. Zientzialarien eta estralurtar baten arteko borroka erakusten du, Antartikan.
Film berriagoak ere programatuko dira, besteak beste, High Life (Claire Denis, 2018), Donostia Zinemaldian lehiatu zen filma eta zulo beltzak, erreprodukzio-esperimentuak edo espazioko bizitza jorratzen ditu; Everything Everywhere all at once -Dena batera leku guztietan– (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022) Oscar saria irabazi zuen filma, multibertsoan murgiltzeko gonbidapena; eta Le Théorème de Marguerite -Margueriteren Teorema– (Anna Navion, 2023), doktore-tesiaren azken urtea egiten ari den emakume matematikari baten erretratua (Emakumeak Zientzian programaren barruan proiektatuko da).
Halaber, Euskadiko Filmategiak hain zabalduak ez dauden beste lan batzuk deskubritzeko proposamena ere egingo du; hala nola Kampen om tungvannet -Ur astunaren bataila– (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948), Bigarren Mundu Gerran bonba atomikoa egiteko sortu zen lehiara hurbilduko gaituen ez fikzioaren eta abentura-zinemaren arteko lana; Djúpiò -The Deep– (Baltasar Kormákur, 2012) giza gorputzaren mugak arakatzen dituen filma; eta Vincere (Marco Bellocchio, 2009). Azken film horrek Benito Mussoliniren boterearen gorakada kontatzen du, bere lehen emaztearen, Ida Dalserren, historiaren bitartez. Lehen aldiz, gizarte zientziak izango dira ziklo honen barruan eta Julian Casanova eta Antonio Rivera historialariek gerren arteko aldietan izaten den faxismoaren gorakadaz hitz egingo dute.
Azkenik, beste bi film programatuko dira Zinema eta Zientzia programan; Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000) lanean ingurumeneko aktibista baten azalean jartzen da Julia Roberts eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) lanak entzuteko gaitasun handia duen herri bateko mediku baten bizitza kontatzen du. Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoirik onenaren saioa jaso zituen film horrek (BioDonostiarekin batera egingo da proiekzio hori).
Programa osorik proiektatuko da Donostian, Bilbon, Gasteizen, eta Iruñean. Donibane Lohizunen, berriz, Vincere, Une merveilleuse histoire du temps, Le Théorème de Marguerite, Gravity eta La Bataille de l’eau Lourde ikusi ahal izango dira.
Aurkezpenak hauen kargu geratuko dira: Pedro Miguel Etxenike (EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikaren arloko katedradun emeritua eta DIPCko eta CFMko presidentea); Arantzazu Garcia Lekue (fisikaria, Ikerbasque Professor eta DIPCko Programa Estrategikoen zuzendaria); Maria Navarro Gastiasoro (fisikaria, supereroaletasun exotikoaren eta material kuantikoen korrelazioaren DIPCko ikertzailea); Antonio Rivera (EHUko Letren Fakultateko Historia Garaikideko katedraduna); Julian Casanova (Zaragozako Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna eta Vienako Central European Universityko irakasle bisitaria); Juan Ignacio Perez Iglesias (EHUko Biologiako doktorea eta Fisiologiako katedraduna, egun, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateak, Zientzia eta Berrikuntza Saileko kontseilaria); Antonio Casado da Rocha (EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko ikerlari iraunkorra), Iraia Muñoa (bioteknologoa eta EHUko Ugalkortasun Taldeko ikerlaria); Anna Rubio (ozeanografia Fisikoko doktorea, AZTIko ikerlari nagusia eta Ozeanografia Operazionalaren taldeko koordinatzailea); Ainhize Barrainkua (Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoan graduatua EHUn); Daniela Moreno (Basque Center for Applied Mathematicseko (BCAM) eta EHUko CFD-MS taldeko doktoregaia); Fernando Cossío (EHUko Kimika Organikoko katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa); Ana Galarraga (Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatua eta Elhuyar aldizkariaren zuzendaria); Rafael Rotaeche (Gipuzkoako Lehen Arretako eta ESIko Ikerketa Unitateko arduraduna); Miren Cajaraville (Ingurumenaren toxikologian aditua den Biologia Zelularreko katedraduna); Xabier Lopez (kimikaria, EHUko katedraduna eta DIPCko bazkidea); Mikel Pagadi (gidoilaria eta telebistako aurkezlea); Daniel Sánchez Portal (fisikaria Materialen Fisikaren Zentroan eta CSIC-EHUn eta DIPCko bazkidea); Silvina Cerveny (ikerlaria Materialen Fisikaren Zentroan, CSIC-EHUn eta DIPCko bazkidea); Idoia García de Gurtubay (EHUko Materia Kondentsatuaren arloko Fisikako doktorea eta DIPCko bazkidea); Javier Aizpurua (fisikaria, Basque Quanyumeko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasqueko irakalsea DIPCn); eta Didier Roux (fisikaria eta kimikaria eta Château Observatoire Abbadiako kidea).
BESTE JARDUERA BATZUK
Halaber, Julián Casanova historialariak Vincere (Marco Bellocchio, 2009) aurkeztuko du Donostian eta Bilbon, eta “Faxismoaren hazia” izeneko doako hitzaldia emango du Gipuzkoako hiriburuan. Urtarrilaren 24an, ostiralean, izango da hori 18:00etan, Tabakalerako Z aretoan, filma proiektatu aurretik (modu independentean joan daiteke ekitaldi bakoitzera).
Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean El misterio de los cristales gigantes proiektatuko da martxoaren 11n (Javier Trueba, 2010), Lurraren sakonean sortzen diren igeltsuzko kristal erraldoien formazioari buruzko dokumentala, dokumentaleko zuzendariak eta bertako protagonistak aurkeztuko dute. Juanma García Ruiz kristalografoa, DIPCren Ikerbasqueko irakaslea eta CSICko ad honorem irakasle ikertzailea da protagonista.
Azkenik, ikastetxeentzako goizeko saioak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira eta Gravity (Alfonso Cuarón, 2013) proiektatuko da, euskaraz eta gaztelaniaz azpidatzita. DIPCren Kosmos saileko ikerlariek aurkeztuko dute (Leire Larizgoitia, Franxesc Monrabal, Lurdes Ondaro eta Sara Ortega).
Sarrerak Tabakaleraren, Artium Museoaren, Bilboko Arte Ederren (saioak Bizkaia Aretoan izango dira pinakotekako obrengatik) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinemen webguneetan eta leihatiletan erosi ahal izango dira. Sarrera bakoitzaren prezioa 3,50 eta 6 euro bitartekoa da (deskonturik gabe).