Hasiera / Berriak / DIPCk jauzi kuantitatiboa eman du IBM Patronatuan sartzearekin

DIPCk jauzi kuantitatiboa eman du IBM Patronatuan sartzearekin

2024
Abe
27
DIPCren patronatua Imanol Pradales lehendakariarekin

Imanol Pradales lehendakaria izan da DIPCren Patronatuaren bileraren buru gaur goizean. Saio horretan, Patronatuko kide berria bihurtu da IBM eta, hala, bi erakundeen arteko lankidetza indartu da.

Gaur goizean, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Patronatuko kide berria bihurtu da IBM eta, hala, bi erakundeen arteko lankidetza indartu da. Heinrich Roher IBMko ikerlariak eta Fisikako Nobelak 2000an DIPCren inaugurazioan parte hartu zuenean hasi zen lankidetza hori.

IBM materialen, konputazio kuantikoaren eta beste arlo aurreratu batzuen zientziaren ikerketan liderra da mundu mailan eta patronatura sartu izanak indartu egiten du multinazional teknologikoak Euskadirekin duen konpromisoa. Gainera, bat dator Eusko Jaurlaritzak Basque Quantum – BasQen eta Ikerbasquen bitartez sustatutako teknologia kuantikoen estrategiarekin. 2023an iragarritako IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoaren Zentroaren barruan IBMren ordenagailu kuantiko bat instalatuko da Ikerbasquen eraikinean, DIPCtik metro gutxira, eta, hala, are gehiago indartuko da sinergia hori.

DIPCren Patronatuaren gaurko bileran Imanol Pradales lehendakaria izan da buru eta esku-hartze nabarmena izan du. Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du bertan. «Batasun hau ez da kasualitate hutsa. Bi baldintza behar dira gutxienez -esan du-, epe luzeko apustu iraunkorra zientzia-politikan eta DIPCren moduko bikaintasun-nodoak sortzeko ingurunea sustatzea, mundu mailan kokatzeko, talentua sortzeko eta erakartzeko eta munduko beste leku batzuekin konektatuta egon gaitezen laguntzeko». Lehendakaria DIPCren Patronatuan egoteak berretsi egiten du gobernu berriak inpaktu-zientziarekin duen konpromisoa eta Donostiako zentroak egiten dituen abangoardiako ikerketen garrantzia nabarmentzen du.

Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak eskerrak eman dizkio Lehendakariari eta “gizarte aurreratu batek ikerketa aurreratuak behar” dituela aldarrikatu du. Gaur IBMren moduko nazioarteko enpresa bat DIPCren Patronatuan sartu izana ondo egindako lanaren emaitza da, bai gure ikertzaileen komunitatearena, DIPC hainbat ikerketa-lerrotan puntako erakunde gisa kokatu baitute mundu mailan; bai euskal erakunde publiko eta pribatuena, zientziaren arloko politiketan egindako apustu estrategikoa erabakigarria izan baita Euskadi zientziaren abangoardian kokatzeko hainbat arlotan”. Horrez gain, hau esan du: “DIPCren eta IBMren arteko harremana ona eta emankorra izan da hainbat urtez, baina hemendik aurrera, jauzi kualitatiboa eman nahi dugu bi erakundeen arteko lankidetza zientifikoan. Jauzi kuantikoa”.

Bestalde, IBMren Espainiako presidentea, Horacio Morell, bileran izan da Patronatuko kide berri gisa eta hau adierazi du: “ohorea da IBMrentzat DIPCrekin bat egitea, bikaintasun zientifikoa, berrikuntza eta, batez ere, inpaktu globala sortzeko lankidetzak duen boterea ordezkatzen duen erakundea baita”. Gure lankidetzaren ardatzetako bat nabarmendu nahi dut gaur: konputazio kuantikoaren alde egiten dugun gure apustu bateratua. Teknologiaren etorkizuna zabalik dago eta etorkizun horretan aurrerapausoak emateko ezinbestekoa da hemen eraikitzen ari garenaren moduko lankidetza-ekosistemak izatea”.

Goi-mailako patronatua

DIPCren patronatua erakunde publiko eta pribatu garrantzitsuetako ordezkariek osatzen dute. Patronatuaren parte dira Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Kutxa Fundazioa, EDP Fundazioa, Telefonica eta CAF- gaurtik aurrera IBM ere kide izango da.

Bilera DIPCren egoitza nagusian izan da eta patronatuko kideek DIPCren eraikin berriaren obrak ikusi ahal izan dituzte bertatik. Instalazio berri horiekin DIPCk jauzi kualitatiboa emango du bere jarduera zientifikoan eta ikerketa-lerroak gehiago dibertsifikatuko ditu eta esperimentu-jarduera handiagoa izango du.

25 urteko bikaintasun zientifikoa

DIPCk 25 urte beteko ditu datorren urtean, 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratzen ditu urtean eta 25.000 zita baino gehiago jasotzen ditu. Egun, zientziaren arlo askotako 200 ikerlari daude bertan kontratatuta, ikerlari elkartuez gain, eta urtero hainbat herrialde eta kontinentetako 200 zientzialari bisitari inguru izaten ditu. DIPCk egun garatzen dituen ikerketa-proiektuen artean daude teknologia kuantikoekin, superkonputazioarekin, adimen artifizialarekin, partikulen fisikarekin, kosmologiarekin, material aurreratuekin, fotonikarekin, egoera solidoaren fisikarekin eta nanozientziarekin lotutakoak. Halaber, ikerketa-lerro berri bat du neurofisikaren ikerketaren arloan.