DIPCren «STROM – Astronomia Inklusiboa» erakusketa gaur inauguratuko da Iruñeko Planetarioan
DIPCk Passion for Knowledge jaialdiaren barruan antolatutako «STROM – Astronomia Inklusiboa» erakusketak kosmosa esploratzeko gonbita egiten du, ukitzeko, entzuteko eta ikus-entzuteko esperientzien bitartez.
Gaur goizean aurkeztu dute Iruñeko Planetarioan «STROM – Astronomia Inklusiboa» erakusketa multisentsorial eta inklusiboa. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) sortu du Passion for Knowledge jaialdirako, eta Donostiako Tabakaleran egon ondoren, Iruñeko Planetarioan egongo da orain ikusgai.
STROMek kosmosa esploratzeko gonbita egiten du, ukitzeko, entzuteko eta ikus-entzuteko esperientzien bidez, herritar guztiek zientziarako sarbidea izan dezaten inolako oztoporik gabe.
Inaugurazio-ekitaldia bi zatitan banatu da. Lehenik eta behin, aurkezpena egin da erakusketa dagoen lekuan bertan eta han izan dira: Paula Noya NICDOko Kultur Azpiegituren zuzendaria; Patricia Fanlo Nafarroako Gobernuko Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea eta EHUko katedradun emeritua eta Izaskun Azcona Las Caixa Fundazioko Nafarroako delegatua.
Paula Noya NICDOko Kultur Azpiegituren zuzendariak zabaldu du hitzartzeen txanda. Ongietorria egin eta bertaratutakoei eskerrak eman eta gero, STROMen moduko proiektuak egitearen garrantzia nabarmendu du. «Iruñeko Planetarioan halako ezaugarriak dituen erakusketa bat egitea oso garrantzitsua da, bat baitator hezkuntzaren, dibulgazio zientifikoaren eta aukera-berdintasunaren sustapenaren gure balioekin. Ez dago STROMen moduko erakusketa inklusibo askorik, zientzia herritar guztiengana hurbiltzeko eta hori babesteko inolako oztoporik gabe».
Jarraian, Patricia Fanlo Nafarroako Gobernuko Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari eman dio hitza eta hark zientziaren eta berrikuntzaren funtsezko rola nabarmendu du, gizartearen bilakaerarako motor gisa.
«Nafarroako Gobernutik adin goiztiarretatik zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sortzeko diseinatutako programak sustatu nahi ditugu neska-mutil guztientzat. Iruñeko Planetarioan aurkezten ari garen STROM astronomiako erakusketak STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) bokazioak sustatzen ditu hainbat modutara. Ez da behaketarako espazio soila, tailerrak, hitzaldiak eta jarduera praktikoak ere antolatzen dira, parte-hartzaileek esperimentatzeko, galderak egiteko eta zuzenean ikasteko. Esperientzia horiek STEM diziplinekin duten lotura indartzen dute eta arlo zientifiko-teknikoko etorkizuneko profesional gisa identifikatu daitezke».
Hirugarren hitza Izaskun Azconak, La Caixa Fundazioko Nafarroako ordezkariak, hartu du eta hitzartzeei amaiera eman die dibulgazio inklusiboaren balioa eta garrantzia eta halako proiektuek duten inpaktu soziala nabarmenduz: «Urte asko daramatzagu Iruñeko Planetarioarekin lanean eta La Caixa Fundazioan konprometituta gaude hezkuntzaren botere eraldatzailearekin, Izar Eskola programaren barruan Iruñeko Planetarioarekin izan dugun lankidetzak erakusten duen moduan. Aliantza horrek interes zientifikoa, jakin-mina eta aukera-berdintasuna sustatzen ditu eta zientzia, dibulgazioa eta hezkuntza uztartzen ditu. Inpaktu sozial handikoak diren eta gizaki garaikideentzat kezka-iturri diren gaiak jorratzeko gogoeta-espazioak sortzeko xedea partekatzen dugu Planetarioarekin, zientzia, dibulgazioa eta hezkuntza uztartzen dituen zeharkako ikuspegiarekin. Mila esker aunitz», amaitu du.
Azkenik, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak eta EHUko katedradun emerituak poza agertu du erakusketa Iruñeko Planetarioan jartzeko aukera izategatik eta zentro horrekiko maitasuna nabarmendu du: “Zientzia gizarte kultuagoak eta demokratikoagoak sortzeko funtsezko hazi eraldatzailea da. Eta, zehazki, astronomia lotura ezin hobea da jakin-min zientifikoa pizteko, belaunaldi berrien kasuan batez ere. STROMek helburu horiek guztiak betetzen ditu, eta, gainera, askotariko gaitasunak dituzten pertsonak hartzen ditu barne. Hain zuzen ere, DIPCk eta Iruñeko Planetarioak modu aktiboan hartu dugun erantzukizuna da hori”.
Solasaldia Arrasateko Arizmendi Ikastolako ikasleekin

Hitzartzeen ondoren, solasaldia izan da Arrasateko Arizmendi Ikastolako ikasleekin Ibn´Ezra aretoan. 12 urteko ikasleak Planetarioan izan dira Izar Eskola programaren barruan, eta, bisitan zehar, STROM erakusketaren aurkezpenaren harira (eskola-programan sartzen da jarduera hori), Pedro Miguel Etxenikerekin eta Silvia Bonoli astrofisikaria, DIPCn Ikerbasqueko ikerlaria eta STROMeko komisario zientifikoarekin hitz egin ahal izan dute. Iñaki Ordoñez Planetarioko astrofisikariak bideratu su solasaldia.
Ibilbide irisgarri eta multsisentsoriala kosmosean zehar
«STROM – Astronomia Inklusiboa» erakusketa nazioarteko lankidetzaren emaitza da eta hainbat lekutako astronomia inklusiboko adituak biltzen ditu. Horien artean daude EHU, Nazioarteko Batasun Astronomikoa, Magallanes Teleskopio Erraldoia, Medellingo Planetarioa eta Txileko Diego Portales Unibertsitatea.
Ahalegin bateratu horri esker, DIPCk esperientzia irisgarria, multisentsoriala eta hezitzailea bermatzen duen proiektu bat gauzatu du, kosmosa herritar guztiengana gerturatzeko. Erakusketa Iruñeko Planetarioan egitearekin berretsi egiten da zentroak oztoporik gabeko zientziarekin, zientzia irisgarriarekin eta pertsona guztientzako inspiratzailea denarekin duen garrantzia.
Erakusketa ikustera gerturatzen direnek bidaia multisentsoriala egin dezakete kosmosean zehar. Hainbat esperientzia sentsorial eskaintzen dituzten hainbat eremu ditu. Hainbat elementu daude ikusgai bertan, tartean, panel ukigarriak galaxien eta konstelazioen formak hatzekin ukitzeko, Unibertsoaren soinuak ezagutzeko aukera, adibidez. Eguzkiaren jardueraren soinuaren bitartez, edo prozesu ikusgarriak ikusteko aukera, esaterako, zulo beltz baten sorrera.
Azken batean, proposamen berritzaile horrek Unibertsitatearen handitasuna ezagutzeko modu inklusibo eta erakargarria eskaintzen du, eta zientzia pertsona guztientzat eskuragarri dagoela bermatzen du, bakoitzaren gaitasunak gorabehera.
Sarrerak salgai daude dagoeneko Planetarioaren webgunean eta instalazioaren leihatilan ere eros daitezke.
Sarrera doakoa da eta bisita gidatua egin daiteke 3 euroren truke. Gainera, deskontuak daude bisita gidatua egin nahi duten lau pertsonako taldeentzat. 10 euroko kostua izango du. «STROM – Astronomia Inklusiboaren» helburua da irisgarritasun unibertsala bermatzea eta, horregatik, sarrera eta bisita gidatua doakoak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat. Hala, esperientzia horretaz gozatzeko aukera bermatuko da.