Jakin-min zientifikoak Nobel Sariak, zientziaren arloko figurak eta ikasleak elkartuko ditu Donostian
242 ikasle eta irakasle inguru aritu dira zientziaren arloko figura ezagunekin elkarrizketan. DIPCk antolatutako topaketa horren helburu nagusia zientziarekiko eta ikerketarekiko interesa sustatzea da. Telefonicak saria ematen dio galderarik interesgarrienari, originalenari edo dibertigarrienari.
Topaketatop@DIPC Zientziarekin solasean! ostegunean, azaroaren 28an, izan da, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak eta irakasleak Jean-Pierre Sauvage Kimikako Nobel Sariarekin, Mairi Sakellariadou Fisikako Europako Elkarteko presidentearekin eta Pilar Hernandez CERNeko Zientzia Politikaren Batzordeko presidenteordearekin elkartu dira. Zientziarekiko duten pasioa, ibilbide pertsonala eta lan zientifikoan izandako esperientziak kontatu ondoren, gonbidatuek ekitaldian zeuden ikasleen galderei erantzun diete.
Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako topaketa horien hamalaugarren edizioan Euskadiko 41 ikastetxetako 242 ikasle eta irakasle inguruk hartu dute parte. Ekitaldi horrek harrera bikaina izan du beti hezkuntza-komunitatean. Jardunaldiaren hasieran, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak, Javier Benito Euskadiko Telefonicako zuzendariak eta Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak sarrera txiki bat egin dute. Ondoren, ikasleek hartu zuten hitza eta gonbidatuei galderak egiteko aukera izan zuten ordu eta erdiz.

Jean-Pierre Sauvagek nabarmendu du gazteak direla etorkizuna eta “sortu nahi dituzten proiektuak aukeratzean berrikuntza beste ezeren gainetik lehenestea” gomendatu die. Bestalde, Mairi Sakellariadouk gazteei esan die “hezkuntza zientifiko goiztiarrak buruaren «begiak zabaldu», jakin-mina piztu eta iluntasunaren aurka borroka egiten laguntzen” duela. Azkenik, Pilar Hernandezek hau aipatu du: “egia interpretatu daitekeela dirudien mundu honetan, zientziak erakusten digu gure munduaren gaineko ziurtasun batzuk badaudela, ulertzen laguntzeko, eta askotan, ezagutza hori pertsonen bizitza hobetzeko erabiltzeko”. “Zientziak aurrerapausoak egin ditu zuen moduko gazteek mundua ulertzeko jakin-mina dutelako eta galdera garrantzitsuak egiten dituztelako”, gehitu du Hernandezek.
Pedro Miguel Etxenike Asturiasko Printzea Saria, EHUko katedradun emeritua eta DIPCko zuzendaria izan da aurten ere topaketa gidatzeko eta moderatzeko arduraduna. Amaierako hitzartzean, ekitaldia ixteko, hau nabarmendu du: “zientzia gizartearen hazi eraldatzailea da. Zientzia beharrezkoa da ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa, pentsamendu kritiko handiagoa eta manipulatzeko aukera txikiagoak izango dituen gizartea lortzeko, hau da, gizarte gizatiarragoa”. “Zientziari eta garapenari ekarpena egiteko borondatez eta ahaleginez lan egitera gonbidatzen zaituztet”, esan die Etxenikek ekitaldian zeuden ikasleei.
Telefonica, DIPCko babeslea, lankidetzan aritu da topaketak egiteko eta galderarik interesgarriena, originalena edo dibertigarriena saritu du. Aldapeta Ikastetxeko Libe Bercedo Barriola ikaslea izan da saritua, galdera honegatik: «Soken teoriaren eta grabitazio kuantiko berriaren artean dagoen gero eta lotura handiagoa dela eta, gure tresna zientifikoek eta gizakiaren interpretazio-gaitasunak zer neurritan mugatu dezakete fenomeno horiek ulertzeko gure gaitasuna?». Telefonicaren arabera, galdera irabazleak “zientziarentzako gai garrantzitsu eta sakona jorratu du: ikerketa zientifikoak dituen muga instrumental eta intelektualak”.

top@DIPC Zientziarekin solasean! Topaketaren helburu nagusia da ikasketa zientifiko eta teknologikoekiko bokazioa sustatzea Euskadiko gazteen artean eta ezagutza horren gaineko pasioa piztea. DIPCk antolatzen du topaketa eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren, Kutxa Fundazioaren eta Telefonicaren laguntza du.