“Hitz Sariak-Premios Palabra” sariketaren lehen edizioko sarituetako bat da Pedro Miguel Etxenike
Noticias Taldeak eta Iberdrolak sortutako sari horien helburua da hitzaren eta konpromisoaren balioa indartzea Euskadin
Pedro Miguel Etxenikek jaso zuen Noticias Taldeak eta Iberdrolak sortutako “Hitz Sariak – Premios Palabra” sarien lehen edizioko sei sarietako bat. Sari horien helburua da konpromisoa, konfiantza, ekintzailetza, unibertsaltasuna, erroak eta ahalegina sustatzen dituzten euskal pertsonak, proiektuak edo erakundeak aitortzea.
Euskal fisikariak “Konfiantza / Confianza” saria jaso zuen, Bilboko Guggenheim Museoan egindako zeremonian.
Saria jaso ondoren, Etxenikek ikerlarien eta irakasleen komunitatearengan duen konfiantza adierazi zuen, “haien bidea aukera dezaten, askatasunez eta huts egiteko beldurrik gabe”, eta eskerrak eman zizkien euskal erakundeei ezagutzaren eta pentsamendu kritikoaren arloan aurrerapausoak egiteko ematen duten etengabeko babesarengatik.
Halaber, euskararen garrantzia nabarmendu zuen: “gure herriaren historia da eta etorkizuna izan behar du”. “Euskara babesteko legeak ezinbestekoak diren arren, ez dira nahikoak, euskaldun eta euskal herritar izatearen harrotasuna bizirik mantendu behar da”, gehitu zuen.
Hauek dira sei kategorietan banatutako “Hitz Sariak – Premios Palabra”:
Ekintzailetzaren Hitz Saria
Hasier Larrea, Oriren sortzailea eta CEOa, Bostongo MITtik egindako bere ibilbide ikusgarriarengatik eta ekintzailetzarako duen izpirituarengatik, espazioen diseinuaren berrikuntzaren arlotik pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Unibertsaltasunaren Hitz Saria
Inma Shara, orkestra-zuzendaria, orkestrarik onenekin eta munduko eszenatokirik onenetan egin duen ibilbide profesionalarengatik, musikaren moduko hizkuntza unibertsalarekin.
Konfiantzaren Hitz Saria
Pedro Miguel Etxenike, egoera solidoaren fisikan espezializatutako zientzialaria, ikerketaren arloan egiten duen lan sutsuarengatik (nazioarteko erakunderik garrantzitsuenen aitortza jaso du) eta zientziaren dibulgazioan egiten duen lan handiarengatik.
Ahaleginaren Hitza Saria
Juan Ignacio Vidarte, Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari nagusia, duela 32 urtetik Bilboko Guggenheim Museoa arte piktorikoaren nazioarteko ikur bilakatzeko egindako ahalegin adoretsuarengatik.
Erroen Hitza Saria
Bittor Arginzoniz, Etxebarri Erretegiko sukaldaria, euskal gastronomiaren sustraiekiko eta bertako produktuekiko fideltasunarengatik, sukaldaritza zintzo eta gardena eginez, Atxondotik, bere jaioterritik.
Konpromisoaren Hitz Saria
Jose Angel Iribar, futbolaren munduko erreferentea, proiektu eta komunitate batetiko, Athletic Clubekiko, konpromisoaren eredua. Futbolari gisa egindako ibilbidetik harago eutsi dio konpromiso horri.