Pedro Miguel Etxenike izan da 2024ko Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzesa Sariaren epaimahaiko presidentea
Endokrinologiaren arloko munduko bost lider izango dira Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzesa Sariaren saridunak
Daniel J. Drucker, Jeffrey M. Friedman, Joel F. Habener, Jens Juul Holst eta Svetlana Mojsov
Daniel J. Druckerrek, medikua, (Kanada); Jeffrey M. Friedmanek, biologo molekularra, (Estatu Batuak); Joel F. Habenerrek, endokrinologoa, (Estatu Batuak); Jens Juul Holstek, kimikaria, (Danimarka); eta Svetlana Mojsovek, kimikaria (Mazedonia eta Estatu Batuak) izan dira 2024ko Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzesa Sariaren saridunak, esleipena egiteaz arduratu den epaimahaiak gaur jakinarazi duenez.
Asturiasko Printzesa Fundazioak antolatzen duen Sariaren epaimahai burua Pedro Miguel Etxenike Landiribar izan da eta kide hauek osatu dute epaimahaia: Jesús del Álamo, Alberto Aparici Benages, Juan Luis Arsuaga Ferreras, Juan Ignacio Cirac Sasturáin, Avelino Corma Canós, Elena García Armada, Bernardo Hernández González, Jerónimo López Martínez, Amador Menéndez Velázquez, Ginés Morata Pérez, Peregrina Quintela Estévez, Inés Rodríguez Hidalgo, María Teresa Telleria Jorge, María Paz Zorzano Mier eta Cristina Garmendia Mendizábal (idazkaria).
Hautagaitza Philip Felgnerrek proposatu du, 2021eko Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printzesa Sariaren saridunak.
Azken urteetan aurrerapen handiak egin dira 2 motako diabetesaren tratamenduan, aktibo nagusi gisa semaglutida erabiltzen duten farmakoei esker. Glukagoi-1 edo GLP-1 hormonaren antza duen peptidoa da semaglutida eta intsulinari kontrapisua egiteko rol garrantzitsua du, odoleko azukre-maila orekatzeko. Azukrearen maila jaistean, glukagoiak glukosa askatzera behartzen du gibela eta maila igotzen denean intsulina gehiago sortzen du, soberan dagoena murrizteko. Gainera, semaglutidak asko murrizten du apetitua, eta horri esker oso arrakastatsua bihurtu da Ozempica, printzipio aktibo horrekin sortzen den farmakoetako bat. Science aldizkariaren arabera, obetsitatearen aurkako farmako horiek 2023ko aurrerapen zientifiko nagusia izan dira. Drucker, Habener, Holst eta Mojsovek hasi eta garatu dute ikerketa hori aurreko mendeko 70eko hamarkadatik. Prozesuan esku hartzen duten eta digestioaren metabolismoa erregulatzen duten hormonak aztertu zituzten laborategietan, tartean, somatostatina. Hormona horrek glukagoia, intsulina eta GLP-1 eta GLP-2 izeneko glukagoiaren aldaerak sortzea inhibitzen du eta frogatu zuten homeostasis-sistema hori itu terapeutiko eraginkorra izan zitekeela 2 motako diabetesaren aurka. Semaglutida (eta antzeko beste molekula batzuk) GLP-1 glukagoiaren hartzailearen agonista da, eta, beraz, hormona hori sortzea inhibitzen du, odoleko azukrearen maila murriztuz eta intsulina sortu eta askatzen duten zelula betapankreatikoen hazkundea hobetuz. Gainera, egiaztatu da obesitatea duten helduen artean istripu baskularratetatik babesteko efektuak dituela, Estatu Batuetako Elikagaien eta Medikamenduen Administrazioak berriki adierazi duenaren arabera (FDA, ingeleseko siglengatik). Bestalde, Friedmanek beste hormona bat aurkitu zuen 1994an, leptina. Zelula koipetsuetan edo adipozitoetan sortzen da eta apetitua kontrolatzen duen garunaren aldean jarduten du. Sistema orekatua da: zenbat eta koipe gehiago izan, gero eta leptina gehiago sortzen da eta horrek apetitua murrizten du. Hala, organismoaren koipea murriztu egiten da, eta ondorioz, baita leptinaren ekoizpena ere. Obesitatea duten pertsonen kasuan mekanismo hori desorekatua dago. Obesitatea izateko genetikaren eragina ere aztertu du.
Araudiak dioenaren arabera, Asturiasko Printzesa Sarien helburua da «pertsonek, erakundeek, pertsona taldeek edo nazioarteko erakundeek egindako lan zientifikoa, teknikoa, kulturala, soziala eta humanitarioa» saritzea. Printzipio horien arabera, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria honi emango zaio: «astronomian eta astrofisikan, zientzia medikoetan, zientzia teknologikoetan, Lurreko eta espazioko zientzietan, bizitzaren zientzietan, fisikan, matematikan eta kimikan, zein arlo horietako bakoitzaren diziplinetan eta horiekin lotutako tekniketan egiten diren ikerketa-lanen, aurkikuntzen eta/edo asmakuntzen ereite-lanari eta perfekzionamenduari».
Aurtengo edizioan 17 nazionalitateko 48 hautagai zeuden Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko sariarentzat.
Hau izan da aurten eman diren zortzi Asturiasko Printzesa Sarietatik zazpigarrena. Berrogeita laugarren edizioa bete dute sariek. Aurretik, Arteen Asturiasko Printzesa Saria eman zaio Joan Manuel Serrat abeslari eta konpositoreari; Komunikazioaren eta Humanitateen Asturiasko Printzesa Saria Marjane Satrapi frantziar-irandar komikigile, zinema-zuzendari eta margolariari; Kiroletakoa Carolina Marin badmintoneko jokalariari; Gizarte Zientzietakoa Michael Ignatieff kanadar idazle, akademiko eta politikari ohiari; Letretakoa Ana Blandiana errumaniar poetari; eta Nazioarteko Lankidetzakoa Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerrikarren Erakundeari. Hurrengo astean erabakiko da Elkartasunaren Asturiasko Printzesa Saria.
Asturiasko Printzesa Sariak banatzeko ekitaldia urrian izango da, ohikoa den moduan, Espainiako errege-erreginak, Asturiasko Printzesa eta Sofia Infanta buru izango dituen zeremonia solemnean.
Asturiasko Printzesa Sariaren saridun bakoitzari Joan Miroren eskultura bat —sariaren sinbolo adierazgarria—, diploma egiaztagiri bat, intsignia bat eta berrogeita hamar mila euro emango zaizkio.