QUANTUMatter 2024 hasi da
Teknologia kuantikoen arloko Europako konferentziarik handienetako bat egingo da Donostian. Donostia International Physics Centerrek (DIPC), Institut Català de Nanociència i Nanotecnologiak (ICN2), Phantoms Foundationek eta Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordeak (CSIC) antolatutako ekitaldian 600 profesional inguru elkartuko dira.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan da Quantum Matter International Conference, QUANTUMatter 2024 konferentziaren inaugurazio-ekitaldiaren buru. Teknologia kuantikoen arloko Europako konferentziarik handienetakoa da hori. Ekitaldian izan dira halaber Ane Insausti Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako ahalduna, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea eta EHUko katedradun emeritua, Stephan Roche Institut Català de Nanociència i Nanotecnologiako (ICN2) ICREA ikertzailea eta Antonio Correia Phantoms Foundationeko presidentea.
Donostiako Kursaal jauregian egiten ari dira egunotan Quantum Matter International Conferencen laugarren edizioa, QUANTUMatter 2024. Helburua da zientzian, informazio kuantikoaren zientzian, eta teknologietan eta materia kuantikoan aritzen diren komunitateak biltzea, informazioa tratatzeko bi aldagai iraultzaile baitira eta konputazio kuantikoaren eta teknologia kuantikoen arloan paradigmak ezagutzeko eta aplikatzeko giltzarriak bihurtzen ari baitira. Arlo horretako 600 profesional bilduko dituen ekitaldia Donostia International Physics Centerren (DIPC), Institut Català de Nanociència i Nanotecnologiaren (ICN2), Phantoms Foundationen eta Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordearen (CSIC) ahalegin kolektiboari esker antolatu ahal izan da.
Etorkizunera begira jarriz, konferentzia honen laugarren edizioan ideia berriak eta kolaborazioak sortuko dira teknologia kuantikoen abangoardian, material berrietan eta komunikazio, hautemate eta simulazio kuantikoaren protokolo berrietan. Programaren barruan hainbat gairi buruzko saioak, mahai-inguruak eta konputazio teknikoaren komertzializazioan izandako negozio-aukerei eta azken garapen teknologikoei buruzko egun ia oso bat izango dira, azken hori Industrial Forumean. Gainera, Basque Quantum-BasQ eta IBMren arteko konputazio kuantikoaren arloko lankidetza-proiektu bateratuak erakusteko saio berezia egongo da.
Konferentziak arlo horretako goi-mailako hizlarien zerrenda luzea izango du, tartean: Ignacio Cirac, Optika Kuantikoko Max Planck institutukoa; Claudia Felser, Solidoen Fisika Kimikoko Max Planck Institutukoa; Arthur Ekert Oxfordeko Unibertsitatekoa; Jay M. Cambetta IBMkoa; Michelle Simmons, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatekoa eta Leo Kouwenhoven Delfteko Unibertsitate Teknikokoa. Guztiek partekatuko dituzte beren ezagutzak, ikuspegiak eta azken ikerketak ekitaldian.
Halaber, erakusketari asko egongo dira, 26 aurten, eta sektoreko enpresarik garrantzitsuenek hartuko dute parte, tartean, IBM-Quantumek. Gainera, konferentzia Eusko Jaurlaritzaren IKUR eta BasQ estrategien barruan sartzen da.
Teknologia kuantikoek potentzial izugarria dute ezarritako sektore industrialetan eragina izateko edo industria berriak sortzeko, ordenagailu kuantikoak lortzeko lasterketak erakusten duen moduan. Halaber, teknologia kuantikoak erabiltzen dira komunikazio segurua izateko, hautemateko eta arlo kuantikoko simulazioak egiteko.
Javier Aizpurua Basque Quantum – BasQ estrategiaren zuzendari zientifikoaren arabera, Euskadi erreferentea bihurtzen ari da teknologia kuantikoen arloko ikerketaren, berrikuntzaren eta talentua sortzearen arloan. “Ez da kasualitatea Donostia izatea Quantum Matter 2024 konferentziaren egoitza. IBMk sortutako munduko seigarren superordenagailu kuantikoa, Quantum System One, jasotzeko prestatzen ari gara eta espero dugu Euskadi kualifikazio handiko profesionalentzako erreferentziazko harrobia eta teknologia horien arloko nazioarteko talentua erakartzeko poloa bihurtzea”, esan du Aizpuruak.
BasQ zeharkako euskal estrategia anbiziotsua da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zuzendua, eta hiru foru aldundiek esku hartzen dute bertan. Estrategia horren xedea da ekarpen aktiboa egitea teknologia kuantikoaren arloetako ikerkuntza zientifikoan, aplikazio praktikoan aurrerapausoak ematea, eta erabilera eta esplotazioa azkartzea hainbat enpresa-sektoretan, negozio-aukera berriak sustatzea eta balio soziala sortzea.
Planetako hainbat puntutan garatzen ari diren teknologia kuantikoak datozen hamarkadan ugaritzen jarraitzea eta gure egunerokoan gero eta presenteago egotea espero da.