Hasiera / Berriak / Pedro Miguel Etxenike Honoris Causa Doktorea izendatu du UAMk

Pedro Miguel Etxenike Honoris Causa Doktorea izendatu du UAMk

2024
Api
25
Pedro Miguel Etxenike Honoris Causa Doktorea izendatu du UAMk

Madrilgo Unibertsitate Autonomoak (UAM) Honoris Causa Doktorea izendatu du Pedro Miguel Etxenike, EHUko katedradun emeritua eta Donostia International Physics Centereko (DIPC) presidentea

Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko (DIPC) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun emeritua Honoris Causa Doktore izendatu dute Eugenio Coronado irakaslearekin batera, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan gaur egin duten zeremonian. 1968an sortu zenetik, UAM mundu mailako erreferentea bihurtu da zientziako eta letretako hainbat diziplinatan, eta ia ehun irakasle eta pertsona ezagun daude unibertsitateko klaustroaren barruan. Gaurtik aurrera, Etxenike irakaslea eta Coronado irakaslea ere batu dira, goi-mailako sari horrekin.

UAMko errektorea, Amaya Mendikoetxea, izan zen zeremoniako buru eta bertan izan ziren Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua; Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateetako eta Ikerketako sailburuordea; Eva Ferreira EHUko errektorea eta Nekane Balluerka eta Iñaki Gorizelaia EHUko errektore ohiak.

Fernando Floresek, UAMko urrezko dominak eta Ikerketako Sari Nazionalak, egin zuen Etxenike irakaslearen Laudatioa. Laudatio horretan Etxeneikeren ikerketa-ibilbide osoa errepasatu du eta “azken 30 urteetako Espainiako zientzialaririk garrantzitsuenetako bat” izan dela nabarmendu du. Baina bere lorpenak zerrendatu aurretik, pertsona gisa definitzen duen horren gaineko gogoeta egin du: “Zientzian eta beste gauza askotan funtsezkoa da ausardia: gazterian agertzen den eta ezezaguna den hori arakatzera bultzatzen gaituen instintu aparteko hori (…). Pedrok hainbat ezaugarri ditu eta horiek ausardia egokiarekin koordinatuz estimulatu ditu bere sormena eta zientziaren arloko arrakasta”.

Etxenikeren ikerketa-ibilbidearen hasieratik Cambridge Unibertsitateko Cavendish Laborategi ezagunean egindako lana nabarmendu du, John Pendry irakasle ezagunaren ikuskaritzapean. Lan horren ondorioz, Etxenikek “Interaction of energetic particles with surfaces” (“Partikula energetikoen eta gainazalaren arteko interakzioa”) doktore-tesia aurkeztu zuen 1976an eta hainbat artikulu egin zituen gainazalen arloan. Etxenikeren eta Cavendish Laborategiko John Pendry eta Archie Howie irakasleen arteko lankidetzak urteetan zehar iraun zuen, eta 1985ean, Cambridgeko Unibertsitateak “Churchill Collegeko Overseas Fellow” izendatu zuen Etxenike. Ken Arrow, Felix Bloch eta Phillip Andersonen moduko Nobel Sariek soilik jaso dute aitortza hori.

EHUn katedratiko izan den 30 urtean, Floresek nabarmendu du Etxenikek gaitasuna izan duela bikaintasuneko ikerketa-talde bat sortzeko eta nazioarteko ospea lortu duen lan zientifikoa egiteko, bai eta talde hori finkatzeko beharrezko azpiegitura sortzeko eta nazioarteko lankidetza garrantzitsuak garatzeko eta mantentzeko ere.

Horren adibide da Euskal Herriko Unibertsitateko Zentro Mistoa-CSIC, EAEko lehen nanoteknologia zentroa, CIC nanoGUNE eta, batez ere, Donostia International Physics Center (DIPC) sortu izana, munduko erreferente gisa aitortutako erakundea. Urtean 500 artikulu baino gehiago argitaratzen ditu eta 25.000 zita jasotzen ditu. Halaber, hainbat herrialde eta kontinentetako 200 bisitari zientzialari baino gehiago izaten ditu urtero.

Irakurri hemen Fernando Flores irakasleak Pedro Miguel Etxenikeri egindako Laudatioa:

Honoris Causa jasotzeko ekitaldian, Etxenike irakasleak sari hori eskertu zuen, bere zientzia-ibilbidearen eta kide den erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, bikaintasunaren aintzatespen gisa. Eva Ferreira EHUko errektoreak hau esan du:  “Kasu gutxitan izango da Etxenikeren ibilbide akademiko eta gizatiarrean bezain egokia ‘bikaintasun’ adjektiboa erabiltzea: aparteko ekarpen ikertzailea egin du eta aparteko ekarpena baita ere jarduera horretarako azpiegiturak sortzeko garaian. Baina bere lanaren elementu pertsonalagoak nabarmendu nahiko nituzke: ezagutzaren gainean duen pasioa edo zientzia eta edertasuna lotzeko duen nahia. Hizlari estimulatzaile eta ausarta da, beti dago prest zientziarekiko duen pasioa belaunaldi berriei transmititzeko eta bere unibertsitateaz, Euskal Herriko Unibertsitateaz, harro dagoen akademikoa da”.

Etxenikek aukera aprobetxatu du belaunaldi berriei ikerketaren bidea jarrai dezaten gonbidatzeko. “Zerbait, txikia izanagatik, lehen aldiz ikusteko plazera bizi izan duenarentzat, “aurkikuntza-unea” betiko gelditzen da gordeta, eta zaila izango da ikerketa-jarduera alde batera uztea”, esan du Etxenikek. Baina gero ohartarazi du: “Sorkuntzak ezin du antolatua izan ez zientzian, ez artean, talentu indibidualetik sortzen da modu espontaneoan. Bereziki zaindu behar dira horiek, ideiak sortzen dituztenak, aberastasuna sortzen dutenak, edertasuna sortzen dutenak. Politika zientifikorik onena gure gazteentzat aukera asko sortzea da”.

Etxenikeren sarien artean daude Asturiasko Printzea Saria eta Ikerketako Blas Cabrera Sari Nazionala. Horiek dira estatu mailako fisikaren arloko bi saririk ezagunenak. Nazioartean, Max Planck Saria du eta Europako Fisikako Sozietatearen ohorezko kidea da. Fisikaren arloko 19 pertsonak soilik dute titulu hori, tartean, zortzi Nobel Sarik, CERNeko hiru zuzendari ohik eta Jocelyn Bell Burnell astrofisikari bikainak.

Honoris causa doktorea titulua Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren izendapen akademiko gorena da eta meritu akademikoak, zientifikoak, kulturalak, teknikoak edo humanistikoak dituzten eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren balioak garatzeko eta sustatzeko ekarpen nabarmena egiten duten edo erakunde horrekin harreman estua duten estatuko edo nazioarteko pertsona bikainei ematen zaie. Izendapen horrekin, sei Honoris Causa doktore ditu Etxenike irakasleak.