Hyperion, DIPcren superordenagailu berria
Jokin Bildarratzek Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Hyperion superordenagailu berria bisitatu du gaur goizean. 14.000 nukleo baino gehiagorekin eta 150 TBko RAM memoriarekin, bere aurrekariaren potentzia bikoiztu du Hyperionek eta Euskadiko ikerlarien komunitate osoari emango dio zerbitzua.
Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua, Adolfo Morais Unibertsitateetako eta Ikerketako sailburuordea eta Pedro Miguel Echenique DIPCko zuzendaria Hyperion superordenagailua bisitatzen izan dira gaur goizean, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Superkonputazio Zentroan. Potentzia handitu ondoren, Hyperion estatuko hirugarren superordenagailurik indartsuena bihurtu da eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko ikerlari guztiei ematen die zerbitzua. Zehazki, erabiltzaileen sarearen barruan daude Oinarrizko eta Bikaintasuneko bederatzi Ikerketa Zentroak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, hala nola CIC nanoGUNE edo CIC biomaGUNE, osasun-arloko ikerketa-zentroak, besteak beste Biogipuzkoa, eta zentro teknologikoak, hala nola Tecnalia.
2017tik, Hezkuntza Sailak 5.925.000 euroko inbertsioa egin du Superordenagailua eskuratzeko eta ekipamendua hobetzeko. 2,8 milioi euro Hyperion eraikitzeko eta martxan jartzeko izan dira.
Hyperion erabiltzen ari dira dagoeneko, besteak beste, galaxien eraketa simulatzeko, material berrien jokaera aztertzeko, teknologia kuantikoak garatzeko, adimen artifizialerako edo kimika konputazionalerako. Superordenagailu horiek ikerlarien lana errazten dute, problema handi bat problema txiki eta kudeagarrietan zatitzeko gaitasuna dutelako. Problema bakoitzaren emaitzak konbinatu egiten dira gero amaierako emaitza lortzeko, denbora-espazio txikiagoan.
Txomin Romero Superkonputazio Zentroko zuzendariak nabarmendu du Hyperionek 14.000 nukleo baino gehiago eta 150 TBko RAM memoria duela, eta bere aurrekariak, Atlas superordenagailuak, baino hiru aldiz potentzia handiagoa duela. Egun, gure ekosistemako 500 zientzialari baino gehiagori ematen die zerbitzua.
Komunitate zientifikoari beren lana garatzeko beharrezko tresnak eta azpiegiturak eskaintzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren estrategia globalaren barruan sartzen da Hyperion eraikitzea. Apustu horri esker, DIPCn Hyperionekin egin den moduan, BERC Biofisika Bizkaiak bereizmen handiko krio-mikroskopio elektronikorik aurreratuena du eta BCBLn jarduera kortikala erregistratzeko magnetoenzefalografiaren ekipamendu berritzaile bat instalatu da.
Hyperion bat dator IKUR Estrategian identifikatutako lau arlo estrategikoen bitartez ezagutza berria sortzearekin. Neurobiozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neutrionika (neutroien fisika eta neutrinoak) eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala, bai eta Euskadiko ikertzaileen komunitateko beste ildo garrantzitsu batzuekin ere, hala nola Astrofisikarekin eta Kosmologiarekin, Klimaren Zientziarekin edo propietate aurreratuak dituzten Materialen Zientziarekin.