Pedro Miguel Etxenikek 2023ko NIE saria jaso du
Pedro Miguel Etxenikek zientziari egindako ekarpenarengatik eta bere ikerketa-lanarengatik jaso du saria, bai eta euskarari bere lekua emateagatik eta euskararen erabilera sustatzeagatik ere.
Donostian, 2024ko urtarrilaren 19an. Nafarroako Ikastolen Federazioak urtero ematen duen 2023ko NIE Saria jaso zuen atzo Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendariak, zientziari egindako ekarpenengatik, bere ikerketa-lanengatik, euskarari bere lekua emateagatik, euskararen erabilera sustatzeagatik, zientzia euskaraz ikastea, lantzea, ikertzea eta erabiltzea sustatzeagatik, Hezkuntza arloan egindako gogoeta eta artikuluengatik, ikasleen izaera kritikoa sustatzeagatik, egungo ikasleen ikaskuntza-prozesua maisuki ezagutzeagatik eta adierazteagatik, eta ikastolen mugimenduaren alde beti izan duen konpromiso irmoarengatik.
Nafarroako Ikastolen Federazioaren (NIE) helburua da euskara eta euskal kultura sustatzea, hezkuntzaren eta gizartearen garapenaren arloan. Horri dagokionez, NIE sariak entregatzen dizkie urtero helburu horiek lortzeko ekarpena egin duten pertsona edo erakundeei.
Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazioko presidenteak eta Josu Reparaz zuzendariak eman zioten saria. Ekitaldian ordezkari instituzionalak izan ziren: Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria; Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea; Pedro Miguel Etxenikeren senideak eta adiskideak eta Nafarroako ikastoletako ordezkariak. Aurreko edizioetako saritu batzuk ere izan ziren, besteak beste, Carlos Garaikoetxea. Ekitaldian zehar Ziganda Ikastolako haurren koroak abestu zuen eta Ainhoa Egizabal dantzariak egin zuen ohorezko aurreskua.
Nafarroako fisikaria Izaban jaio zen 1950ean eta fisikako munduko ikerlaririk garrantzitsuenetako bat da. Ibilbide luzea du denboran eta espazioan, bilakaeran eta kausalitatean, eta titulu, sari, kargu, eta argitalpen ugari ditu; baita ideia, esperientzia, ziurtasun eta zalantza asko ere.
Batzuk aipatzearren, bere sorterriak egindako aitortza denez ilusio berezia egin ziolako, Kulturaren Vianako Printzea Saria, Izabako Seme Kutuna, Manuel de Irujo Saria, UPNAren honoris causa doktorea eta Nafarroako Urrezko Domina.
Eta beste aitortza asko ere jaso ditu: 1998an Euskal Herritar Unibertsala, Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiaren akademiko numerarioa, Fisikako Max Planck Saria eta Ikerketa Zientifiko Teknikoko Asturiasko Printze Saria
Pedro Miguel Etxenike Erronkari bailarako medikuaren eta Felisa Landiribar San Fermin Ikastolako andereñoaren semea da eta mundura zabaltzea aldarrikatu du erretiratu den arte, ikastolek egiten duten moduan, baina erroak ahaztu gabe. Halaber, aurrerapen zientifikoa traineru bat dela adierazi du eta tripulazioak “atzera begira egiten duela aurrera”, iraganeko ezagutza oinarri hartuta. Bere ibilbide luzean zehar defendatu du hezkuntza dela herrialde baten etorkizunean egin daitekeen inbertsiorik onena eta gurearen moduko herrialde batek kalitatezko hezkuntzarekin eta hezkuntza lehentasuntzat hartuz soilik lehiatu dezakeela munduan.
Etxenikeren arabera, munduko kultura batzuk teknologia eta ezagutza sortu dituzte, baina Europak munduari egiten dion ekarpena giza eskubideak dira eta horren barruan sartzen da hezkuntzarako eskubidea. Hezkuntza etorkizunarekiko elkartasuna da. Eta parekidetasuna. Parekidetasuna eta elkartasuna etorkizunarekin. 80ko hamarkadan parentesi bat egin zuen bere ikertzaile-ibilbidean eta herrialdearekiko zuen konpromisoa zela eta, Hezkuntza eta Kultura sailburua izan zen.
Etxenike irakaslea hunkituta agertu zen sariarekin. “Ohorea da sari hau jasotzea”. Eskerrak emateko garaian, euskararen defentsaren alde egin zuen: “Euskararen aldeko legeak izateaz gain, euskararekiko maitasuna sustatu behar dugu kulturaren bitartez”.