Passion for Knowledge 2023ren prentsaurrekoa. Izen emate guztiak zabalik daude!
Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako Passion for Knowledge (P4K) 2023 zientzia-jaialdian zortzi Nobel Sari eta nazioarteko hainbat zientzialari ezagun izango dira. Zientzialari horiek azken hamarkadetako deskubrimendu garrantzitsuenetako batzuen protagonistak izan dira. Guztientzat eskuragarri egongo den luxua izango da, zientziak gizateriaren onurarako egin duen urrats bakoitza behar bezala ospatzeko.
Passion for Knowledge 2023 jaialdiak irudi berritua eta publiko guztientzako jarduera-programa zabala izango ditu. Zientzia galaz jantziko da bere azken aurkikuntzak herritarrekin partekatzeko, urriaren 2tik 7ra bitarte Donostian, Bilbon eta beste udalerri batzuetan egingo den jaialdiaren edizio berrian.
Passion for Knowledgen helburua da zientzia etorkizuneko belaunaldien ongizaterako ekarpena egiteko funtsezko kultur jarduera gisa sustatzea eta ezagutza garapen zientifikoaren, teknologikoaren eta kulturalaren motor gisa nabarmentzea. Programa hainbat publiko motari zuzendutako jarduerekin osatuko da: topaketa jendetsuak bigarren hezkuntzako ikasleekin, saio dibulgatiboak ikerlari gazteentzat, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, saioak bertsolariekin, dibulgazioa Naukaseko kolaboratzaileekin eta streamerrekin, proiekzioak eta abar.
Arratsaldetan jaialdiaren egoitza nagusian, Victoria Eugenia Antzokian, egingo diren konferentziak dira jaialdiaren egitarau zabalaren bereizgarriak. Hainbat Nobel Sariren eta hainbat diziplina zientifikotako nazioarteko figura ezagunen eskutik, herritarrek askotariko gaiak ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste, fisika kuantikoa, kimika, biomaterial adimendunak, botanika edo bioteknologia. Aurtengo gonbidatuen artean hauek nabarmentzen dira: Özlem Türeci, Covid-19aren aurkako txertoa lortzeko zientzialari garrantzitsua, Didier Queloz (2019ko Fisikako Nobel Saria) lehen exoplaneta aurkitu zuen zientzialaria; Jean-Pierre Sauvage (2016ko Kimikako Nobel Saria) makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland 2018ko Nobel Saria, laserren arloan egindako ikerketa aitzindariarengatik; Dario Gil IBMko lehendakariordea eta IBM Researcheko zuzendaria, konputazio kuantikoaren munduko laborategirik handiena dago han; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsarrak deskubritu zituen zientzialaria. Izugarrizko luxua guztientzat eskuragarri. Gainera, saio bereziak egingo dira Euskalduna Jauregian eta Beasaingo CAF enpresan.
Tradizio bihurtu den moduan, Bertso Passion ikuskizuna izango da Victoria Eugenia Antzokian eta Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolari ezagunak arituko dira. Horrez gain, Naukas Passion saio ezagunak ere izango dira, estatuko zientziaren dibulgazioaren eta komunikazioaren arloko hainbat figura ezagunen parte-hartzearekin. Gainera, aurten formatu berri bat izango du jaialdiak, streamerren saioekin. Zientziako edukiak zabaltzen dituzten estatuko streamerrik onenak eszenatokira igoko dira hainbat gai zientifiko eta teknologikoren aktualitateari buruz aritzeko.
Jaialdiaren edizio berri honetan, halaber, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen eta lehen lerroko ikertzaileen arteko Topaketa jendetsuak izango dira Donostian zein Bilbon, eta 5 Nobel Sarik hartuko dute parte. Topaketen helburu nagusia da zientziaren aldeko jakin-mina sortzea gazteen artean eta bokazio zientifikoak inspiratzea, bereziki emakumeen artean. Topaketa horiek Telefonicaren, EDPren eta EHUren babesa dute. Aukera berdingabea da ikasle gazteek ezagutzarekiko pasioa garatzeko.
Halaber, jaialdiaren barruan, ‘STROM – Astronomia inklusiboa’ inauguratuko da, astronomiari buruzko erakusketa berritzailea, eta ateak zabalduko dizkio inklusioari, ukitzeko, entzuteko eta ikus-entzuteko esperientzia irisgarriekin. Galaxien azalera eta Ilargiaren kraterrak ukitu ahal izango dira hatzekin edo Eguzkiaren soinuak entzun. Erakusketa hori DIPCk sortu eta garatu du Tabakalerarekin batera Passion for Knowledge jaialdirako, eta publikoarentzat zabalik egongo da urriaren 4tik 31ra, Tabakalerako hirugarren solairuan.
Asteburuan, Passion Txiki egingo da Victoria Eugeniako Club Aretoan, haurrentzako zientziari buruzko jaialdi txiki bat. Bertan, esperimentuen tailerrak, zientziari buruzko ipuin-kontaketak eta jolasak izango dira besteak beste, Kutxa Fundazioaren lankidetzari esker.
Passion for Knowledge 2023 DIPCren babesleen laguntza iraunkorrari esker egin ahal izan da. Eusko Jaurlaritza —Hezkuntza Sailaren eta Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasuna Sailaren bitartez—, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostiako Udala, Kutxa Fundazioa, Telefonica, EDP eta CAF dira babesle horiek, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa espezifikoa eman du Hezkuntza Sailaren eta Berrikuntza Funtsaren bitartez.
Pedro Miguel Etxenikek DIPCren oinarrian beti egon den ideia nabarmendu du prentsaurrekoan, “zientzia balio kultural eta eraldaketarako hazi gisa”, eta informazio gehiegi eta fake newsak ditugun garaiotan pentsamendu kritikoa garatzea beharrezkoa dela adierazi du. Hitzartzean, DIPCko presidenteak Hipatia zitatu du: “eutsi arduraz gogoetarako zure eskubideari, oker pentsatzea ez pentsatzea baino hobea baita”, eta ezagutzaren jaialdian parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak.
Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariak hau nabarmendu du: “Donostia zientziaren eta ezagutzaren hiria da eta lehen mailako ikerketa-erakundeak ditu. Testuinguru horretan, Passion for Knowledgen jaialdia jarduera hori herritarrei zabaltzeko modu naturala da, eta ezagutzarekiko lilura guztion artean partekatzeko aukera. Oso zaila da gurearen moduko beste jaialdi bat aurkitzea munduan”.
Aurkezpenarekin amaitzeko, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak hau esan du: ”Eusko Jaurlaritzarentzat eta Hezkuntza Sailarentzat zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko politika lehentasunezkoa da, finean, euskal gizartearentzat ere hala delako. Ezagutza pertsona guztien ondasun publikoa da eta ezagutza hori handitzea interes publikokoa da. Ezagutza hori zabaltzea da demokratizatzeko modurik onena. Horri dagokionez, Passion for Knowledge zientzia-jaialdia luxua da, ikasleei, irakasleei eta gurasoei hainbat jarduera eskaintzeko aukera ematen digulako”.
Jaialdian zehar programatutako jarduera guztiak doakoak izango dira. Passion for Knowledge (P4K) 2023ko jardueretan parte hartzeko, erregistratzea eta plaza erreserbatzea komeni da jaialdiaren webgunearen bidez. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko interpretazio-zerbitzua egongo da. Victoria Eugenia Antzokian egingo diren saio nagusiak streaming bidez transmitituko dira jaialdiaren webgunean eta eitb-eus webgunean, dibulgazioaren, zientziaren, ezagutzaren eta teknologiaren arloko Kosmos atarian. Gainera, saioak zuzenean eskainiko dira EITBren YouTubeko kanalean eta ekitaldia amaitu ondoren Euskal Irrati Telebistaren webguneko Kosmos atalean zein Nahieran atarian ikusi ahal izango dira. Atari horrek nahieran eskaintzen ditu edukiak, nahi den unean eta lekuan ikusteko. Berri guztiak jasotzeko, jaialdiaren newsletterrean eman behar da izena.